2014(e)ko otsailaren 14(a), ostirala

AHALDUN NAGUSIAK ENKARTERRIN ENPLEGUAREKIN DUEN KONPROMISOA BERRETSI DU, FABIO MURGAKO LEHEN HARRIA JARTZERAKOAN


Enpresak planta berri bat izango du Arla poligonoan, Balmasedako erdigunean duenaren ordez, entitateak berak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta aipatutako hiribilduko udalak sinatutako hitzarmena dela bide.
Erakundeen arteko akordioan jaso denez, 2024. urtera arte 70 lanposturi eta industria jarduerari eutsi beharko zaie.

Entzun hemen José Luis Bilbaoren hitzak: http://www.bizkaia.net/home2/Archivos/DPTO1/N

Bizkaiko Foru Aldundiak Enkarterri eskualdean enpleguarekin eta jarduera ekonomikoari eustearekin duen konpromisoa berretsi du José Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak Fabio Murgako planta berriaren lehen harria jartzeko ekitaldian. Enpresa une honetan Balmasedako erdigunean dago kokatuta, eta Arla poligonora lekualdatuko da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Balmasedako Udalarekin 2012ko uztailaren 29an sinatutako hitzarmena dela bide.
Fabio Murga lekualdatzeko lortutako hitzarmenaren hiru alderdi nabarmendu ditu José Luis Bilbaok: lekualdaketak Balmasedari eskainiko dizkion aukerak hiri hazkundeari dagokionez; erakundeen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua; eta Enkarterri eskualdean enpleguarekin eta jarduera ekonomikoarekin dakarren konpromisoa. "2012. urtean sinatu genuen hitzarmen markoak 2024. urtera arte 70 lanpostu zuzenei eustea dakar; 70 enplegu zuzen horiei sektoreko punta-puntako enpresa honen jardunak eragindakoak gehitu behar zaizkie. Hitzarmen hau, gure lankidetza, Enkarterri eskualdearekin dugun konpromisoaren froga argiena da" adierazi du Ahaldun Nagusiak; jarraian, konpromiso horren beste adibide batzuk ere aipatu ditu, esaterako joan den astean Bizkaiko zonalde horretan Eskualdea Berraktibatzeko Plana martxan jarri izana. Plan horrekin ehunka langabetu laneratzea bultzatu nahi da. Fabio Murgako planta berria 2016an martxan egotea espero da, eta bertako lehen harria jartzeko ekitaldian Balmasedako alkate Álvaro Parro eta Fabio Murgako gerente Luis Resusta ere izan dira, Ahaldun Nagusiarekin batera.

 Hitzarmena

Fabio Murga lekualdatzeko akordioak zenbait betebehar ezarri dizkio alde sinatzaile bakoitzari. Dokumentuan jaso denez, planta berria kokatzeko lursailak enpresaren esku jartzeko konpromisoa hartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, gainera, milioi erdi euroko parte hartzeko mailegu baten bitartez proiektuan parte hartzeko konpromisoa ere hartu zuen, Seed Capital Bizkaia tarteko. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, eraikin berriak eraikitzeko ardura izango du, Fabio Murgari alokatzeko, eta Balmasedako Udalari planta eraikitzea eta bertan lanean hastea ahalbidetzeko izapide guztiak erraztea egokituko zaio. Azkenik, hitzarmenak ezarri duenez, enpresak 2024. urtera arte industria jardunari eusteko betebeharra izango du, eta, horrez gain, aldi berean 70 lanpostu aktibo ere mantendu beharko ditu.

2014(e)ko otsailaren 6(a), osteguna

ALDUNDIAK BEHIN-BEHINEAN ONETSI DU MUNGIAKO LURRALDE PLAN PARTZIALA



http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia/

• Lehendakaritza Sailak dokumentu berri bat aurkeztu du, eta bertan jasotzen ditu bai herritarrek egindako proposamenak, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenean zein ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-txostenean galdatzen diren zehaztasunak.
• Foru Aldundiak ingurumenaren gaineko eraginaren behin betiko txostena eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Gobernu Kontseiluaren aste honetako bileran, behin-behinean onartu du Mungiako eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala. Dokumentu berri horretan proiektua jendaurrean jarri ondoren egindako aldaketak biltzen dira, hots, proiektuaren edukia hobetu eta aberasteko egokitzat iritzi zitzaien iradokizun eta oharrak.
Lehendakaritza Sailak txosten tekniko bat aurkeztu zuen 2013ko azaroan. Bertan, dokumentu berri hau egingo zela jakinarazten zen, eta adierazten zen dokumentu horrek, herritarren iritziaz gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenean zein ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-txostenean galdatzen diren zehaztasunak ere jasotzen dituela.
Bada, dokumentu berri hori onetsita, proiektua hobetzen parte hartu duten herritar, administrazio eta entitate guztiei aurkeztuko zaie foru erabaki hau. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumenaren gaineko eraginaren behin-betiko txostena eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari, hark erregulatzen baitu ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-prozedura.
MUNGIAKO LPPa
Mungiako eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialak helburu hauek ditu (eremu horretan hauek sartzen dira: Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungia sartzen dira bertan): proiektuak eragiten dien udalerrien planen berrikusketa bideratzea; eskualde horretarako jarduketa estrukturalak definitzea, lurzoruari, azpiegiturei eta ekipamenduei dagokienez, eta proposamen eta politika sektorialak bideratzeko nahiz bateragarri egiteko irizpideak ezartzea.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2012ko azaroaren 27an eman zion hasierako onespena LPPari. Onestearekin batera, proiektua jendaurrean erakusteko bi hilabeteko epea zabaldu zen, eta epe hori, gero, 2013ko apirilaren 30era arte luzatu zen. Bada, epe horretan zehar dokumentua herritarren eskura jarri zen, herritarren parte-hartzea sustatzearren. Azkenean, 44 idazki jaso dira iradokizunekin, bai www.bizkaia.net webaren bitartez, bai Lurralde Antolamendurako Atalaren bulegoan zuzenean aurkeztuta. Idazkiok, jatorriaren arabera, honela banatu dira: 9 idazki udalenak izan dira; 3, alderdi politikoenak; 11, lurralde-erakundeenak; 6, elkarteenak, eta 15, berriz, partikularrenak.
LURRALDEKO LURRALDE PLAN PARTZIALAK
Mungiako LPP bezala, Gernika-Markinako plana ere jendaurrean jarri da, herritarrek parte hartu eta beren hobekuntza-proposamenak aurkez ditzaten. Orain, behin-behineko onespenaren aurreko alegazioei erantzuteko aldian dago plana.
Gaur egun, Bizkaian lau plan partzial hauek daude behin betiko onartuta: Bilbo Metropolitarrekoa, Igorrekoa, Durangokoa eta Balmasedakoa. Herritarrei zerbitzua eta informazio gardena emateko, Igorre, Durangoko eta Bilbo Metropolitarreko planak, hots, Aldundiak eginikoak direnak www.bizkaia.net web orrian daude ikusgai; han, informazio guztia irakurri eta azter daiteke.

Eskualdeak suspertzeko Aldundiaren 2014ko Programa hasteko, ehun pertsonarentzako enplegua sustatuko da Enkarterrin

http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia

• Helburu nagusia da autoenplegua sustatzea, batez ere gazteen, iraupen luzeko langabeen eta lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten 45 urtetik gorako pertsonen artean.
• Enkarterri izango da programan parte hartuko duen lehenengo eskualdea; 1.500.000 euro daude Enplegurako Aparteko Funtsaren jardueren barruan egingo den programa honetarako.
• Aurten, bi deialdi egingo dira; haietako bakoitzean, eskualdeko hamaika udalerrietako 50 parte-hartzaile aukeratuko dira. Horrez gainera, parte-hartzaileek hilean 350 euroko diru-laguntza jasoko dute prestakuntza-fasean eta negozio-plana egiteko fasean, eta, behin enpresa abiarazten dutenean, 5.000 euroko diru-laguntza bat.
• Programak 2013. urtean Ezkerraldean eta Meatzaldean izandako emaitzei esker, 123 pertsonak lortu dute lana urte horretan, eta 118 enpresa berri sortu dira.

Aurten, Enkarterrira helduko da Bizkaiko Foru Aldundiak Eskualdeak Suspertzeko sustatutako programa. Eta aurrez ikusten da lanik ez duten 100 pertsona lan-merkatura sartzea negozio berriak sortuz. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak programaren xehetasunak jakinarazi dizkie Artzentales, Alonsotegi, Balmaseda, Karrantza, Galdames, Gordexola, Güeñes, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zallako alkateei eta enpleguko zinegotziei. Aurten, helburua da ehun pertsonaren ibilbide profesionala bideratzea eta haietatik ehuneko 60k gutxienez autoenplegurako beren ekimena sortzea. Imanol Pradalesek gogorarazi du erakunde hauen lankidetza duela erronka hori lortzeko: udalak, Dema elkartea, Enkarterri Green, Behargintzak eta toki-garapenerako beste agentzia batzuk.
Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu duenez, programa honek bi erronka ditu: batetik, langabezian dauden pertsonei aukera ematea beren ibilbide profesionala bideratzeko eta lan-merkatura itzultzeko eta, bestetik, enpresa-ehun berri bat behar duen eskualde honetan hazi eta garatzeko ahalmena duten negozio berriak sortzea. Programa hau hainbat eskualdetan egingo da, eta 1.500.000 euroko inbertsioa izango du 2014. urtean. Programaren onuradunak langabezian egon behar dira eta Enkarterriko udalerrietako batean erroldatuta; bereziki kontuan hartuko dira iraupen luzeko langabeak, hogeita hamar urtetik beherakoak, berrogeita bost urtetik gorakoak eta aurretik autoenpleguaren esperientzia izan dutenak.
Programan aurrez ikusita dago aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua ematea hiru fase hauetan: prestakuntzan, negozio-ideiaren garapenean eta enpresaren sorreran. Eskualdeak Suspertzeko Planean ezarritako laguntza ekonomikoa honelakoa da:onuradunek 350 euroko diru-laguntza jasoko dute lehenengo bi faseetan, eta, behin enpresa berria eratzen dutenean, 5.000 euroko beste bat, baldin eta enpresak gutxienez ere urtebete irauten badu aktibo. Aldundiak aurten programa honetarako bideratuko duen 1.500.000 euroko aurrekontua Enplegurako Aparteko Funtsetik dator. Funts horretarako, 4.000.000 euro daude guztira, eta, haren bidez, Ekonomia Sustatzeko Sailak lurralde historikoko ekonomia-ehuna pizteko jarduera berriak egingo ditu, Bizkaiko langabetuetan arreta berezia jarrita.
Ezkerraldean 2013. urtean lortutako emaitzak oso itxaropentsuak dira
Bizkaiko Foru Aldundiak Ezkerraldea Suspertzeko sustatutako Programari esker, 118 enpresa berri sortu dira 2013. urtean, eta 123 alta berri eman dira langile autonomoen araubide berezian. Ekonomia Sustatzeko Sailak honako helburua hau zuen iaz programa hori abiarazi zuenean: langabezian denbora luzea eman ondoren lan-merkatura itzultzeko zailtasun bereziak zituzten pertsonei lan-aukera bat ematea. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak adierazi duenez, Ezkerraldean lortutako emaitzak oso itxaropentsuak dira, espero zena nabarmen gainditu baitute. Izan ere, programan parte hartu duten berrehun pertsonetatik 123 hasi dira lanbide-jarduera berri batean Aldundiaren laguntzari esker, eta, horrez gainera, ezkerraldeak 118 enpresa berri daude programan parte hartu dutenen ahalegin, lan eta konpromisoaren ondorioz. 
Alta berrien ehuneko 38 emakumeei dagokie; adin-talde handiena berrogei urtetik gorakoena da, eta ehuneko 56 hamabi hilabete baino gehiago zeramatzan langabezian. Unibertsitateko tituludunak eta lanbide-heziketako goi-mailako gradua dutenak dira nagusi (% 58,5); lanbide-heziketako lehen zikloa edo bigarren hezkuntza dutenak gutxiago dira (% 22), eta lehen hezkuntza dutenak are gutxiago (% 19,5).  Negozio txikien artean, komertzio txikiak eta konponketak egitekoak dira gehienak, eta ekimenen laurdena osatzen dute (% 24,6).
Ondoren, zerbitzu profesionalak emateko negozioak daude (alta berrien % 19,5). Azkenik, jarduera hauek osatzen dute autoenpleguaren bideari ekion diotenen aukeren zerrenda: finantzak, aseguruak, enpresetarako zerbitzuak, energia, eraikuntza eta ostalaritza.

2014(e)ko urtarrilaren 27(a), astelehena

BILBAO-BIZKAIAK BERE PRODUKTU TURISTIKO BERRIAK AURKEZTUKO DITU FITUR AZOKAN

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak "be basque" eskaintza abiarazi dute lau aldizkaritan
Bilbao FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen aurreko faseko egoitza ofiziala izatea Euskadiren standaren alde erakargarrienetako bat izango da Fitur-en.
Bilbao-Bizkaiak hiri destino eta kultura, kostaldea, natura eta gastronomia eskaintzen dituen euskal unibertsorako sarrera gisa sustatuko du bere burua Madrilgo Azokan.
Bilbao-Bizkaia Fitur-ekin urtero daukan hitzordura joango da; Fitur turismoaren arloko munduko bigarren azoka garrantzitsuena da, eta Madrilen egingo da, urtarrilaren 22tik 26ra bitartean. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak stand moderno bat partekatuko dute Eusko Jaurlaritzarekin, eta bertan Bilbao-Bizkaiaren "be basque" estrategia eta marka sustatuko dute lau aldizkari berriren bidez. Argitalpen landu horiek bi erakundeek aspalditik garatzen duten turistak erakartzeko politika indartu, eta bi eguneko batez besteko egonaldia luzatzeko berezko nortasuna eta alde erakargarri nahiko dituen eskaintza turistikoa bistaratu nahi dute.
Aurkezpen katalogo berriak
Hiria eta lurraldea turismo aldetik sustatzeko estrategia bera daukaten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak oso proposamen erakargarriak eskainiko dituzte Madrilen, arlo hauek erreferentziatzat hartuta: hiri kultura, kostaldea, natura eta gastronomia.
  • City & Experience. Aldizkariak Bilbo hiri helmuga gisa agertzen du, hiriaren gune turistikoa Bilbo administratiboa baino handiagoa dela eta metropoli arloa Bilbori lotutako hiri gune turistikoa dela ulertuta. Arreta berezia eman zaie itsasadarraren bi ertzetako udalerriei.
  • The Sea in its soul. Aldizkariak Bizkaiko alde erakargarriak agertzen ditu: marinel herri harrigarriak, surfa egiteko hondartza ikusgarriak, labarretako ibilaldiak, kostaldeko ohiko sukaldaritza...
  • Naturally!! Bilboko eta Bizkaiko natur guneak eta parkeak liburuxka honetako protagonistak dira. Zerurantz doazen mendiak, larre lasaiak agertzen dituzten haranak, ortuak dituzten baserriak, bide berdeak...
  • Gastronomy & Enotourism. Euskal sukaldaritza ospetsua aldizkari honetako leitmotiva da, bertan Bizkaiko plater gozoak, lurreko produktuak edo azoka ikusgarriak nabarmentzen direla.
Fiba 2014 saskibaloiko munduko kopa
Bilbao-Bizkaiak FITUR-eko hitzordua aprobetxatuko du FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Kopako egoitza den aldetik bere burua sustatzeko. Informazio triptikoa banatzeaz gain, hainbat jarduera antolatu dira, adibidez, saskibaloiko mitoak han izatea, esaterako, Femando Romay. Abuztuaren 30etik irailaren 4ra bitartean Bilbo saskibaloi onenaren munduko erreferentzia bihurtuko da. Bilbao Exhibition Centre (BEC) esparruko pabilioietako bat den Bizkaia Arenak FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen aurreko faseko 15 partidu hartuko ditu, guztira. FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen beste eszenatoki batzuk honako hauek dira: Bilbao Arena, entrenamendu pista gisa erabiliko dena, eta La Casilla pabilioia, saskibaloiaren zaleentzat eta pertsona guztientzat, oro har, hainbat jarduera eskainiko dituena.

2014(e)ko urtarrilaren 21(a), asteartea

Administrazio Kontseiluaren esku utzi du Busturialdea S.A.k Gernika-Lumoren proposamena

 


Busturialdea S.A.-k Gernika-Lumoko Ibarrean ere jardun dezan eskatu zuten herri horretako udal arduradunek, eta proposamen hori elkarte anonimoaren Administrazio Kontseiluaren esku utzi dute. Akziodunen batzarrari egin zion proposamena Gernika-Lumoko Udalak, baina azaroaren 28ko batzarrean zehaztu zuten erabaki hori hartzea Administrazio Kontseiluari dagokiola. Dena den, akziodunek diotenez, bideragarritasun txostena aurkezteko eskatu zioten Gernika-Lumoko Udalari, eta oraindik ezer ez dutela aurkeztu kritikatu dute.

Busturialdea S.A.-ren barruan dauden SPRILUR, S.A.-k eta  Azpiegiturak S.A.-k, hala ere, Muxikako poligonoaren aldeko apustua berretsi zuten azaroane gindako batzarrean. Gernika-Lumoko Ibarrean jarduteko aukera aztertu arren, Muxikako industrialdean dagoeneko 11 milioi euro inbertitu dituztela gogorarazi zuten akziodunek. Hori dela eta, kezka agertu dute, Muxikako proiektuan atzerapenak eman direlako.

Bilboko Blanco arropa enpresa Saudi Arabiako Alhokair konpainiak erosi du

 

http://bizkaia.hitza.info

Duela hirurogei urte Bilbon sortu zuten Blanco ehungintza enpresa, eta orain Saudi Arabiako Alhokair enpresaren eskuetara igaroko da. 40 milioi euroren truke erosi du azken hilabeteetan krisiaren ondorioak gogor astinduta zebilen Bernardo Blancoren konpainia. 2010ean hasi zuen gainbehera. Bankuekin 50 milioi eurora arteko zorrak egin zituen.

Bilboko enpresan lanean ari diren beharginak lasai daude oraingoz. Izan ere, konpainia berriak 1.200 langileak mantentzeko konpromisoa hartu du. Ehungintzan esperientzia duen enpresa da Alhokair; bederatzi herrialdetan 1.400 saltoki ditu.

Blanco enpresak, iaz, guztira, 45 denda itxi behar izan zituen arazo ekonomikoak tarteko. Bilbon bertan, bakarra utzi zuten zabalik —Ertzilla kalekoa—, eta gainerako biak zarratu egin zituzten.