Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru
Aldundiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten abenduak 27an Bilbon, Etxebarriko
San Antonio/Matiko 3. metroko linea 2016an abiarazteko beharrezko
finantzazioa bermatzeko. Protokolozko ekitaldia laster Zurbaranbarriko
geltokia izango denean egin da, eta Bizkaiko ahaldun nagusi José Luis
Bilbao, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu
Ana Oregi eta Ogasuneko sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria izan dira
bertan, baita Bilboko alkate Iñaki Azkuna, Etxebarriko alkate Loren
Oliva, Itziar Garamendi foru-diputatua eta Garraioko sailburuorde
Antonio Aiz ere.
2013-2016 aldirako akordio berri honen
arabera, Bilboko metroaren 3. linea eraikitzeko amaierako kostua 279
milioi eurokoa izango da, eta erdibana ordainduko dute Eusko
Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak -ETS-RFV
erakundearen bitartez- eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Bi erakundeek ordainduko dituzten urteko kuotak zehazten ditu hitzarmenak:
Finantziaketa
|
2013
|
2014
|
2015
|
2016
|
Eusko Jaurlaritza
|
15.400.000
|
21.000.000
|
22.000.000
|
19.002.189
|
Bizkaiko Foru Aldundia
|
15.400.000
|
21.000.000
|
23.000.000
|
24.390.693
|
Zerbitzua
Hirugarren
lineak tren-loturak eskainiko ditu 7,5 minutuan behin Etxebarri eta
Matiko artean, eta 70.000 pertsonari baino gehiagori emango die
zerbitzua; hala, trenbide metropolitarraren geltoki bat izango dute
horiek etxetik 10 minutura baino gutxiagora.
Hirugarren linearen trazatuak 5.885
metro ditu, eta zazpi geltoki: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga,
Txurdinaga, Zurbaranbarri, Casco Viejo (alde zaharreko geltokia),
Uribarri eta Matiko; guztiak ere Norman Fosterrek Bilboko metroko 1. eta
2. lineetarako diseinaturikoen tipologia berekoak.
Hala, Otxarkoagatik Bilboko erdialdera
joan nahi duen pertsona batek bost minutu baino ez ditu behar izango.
Txurdinagatik, lau minututik behera iraungo du bidaiak.
Zurbaranbarriko
geltokiari esker -sarbideak ditu auzoaren goiko eta beheko aldean- bi
minutu baino gehixeago baino ez da beharko alde zaharreko geltokira
iristeko.
Uribarriko geltoki berriak bost sarbide izango ditu, ahalik
eta pertsona gehienei zerbitzua emateko. Matikoko geltokia (Tivoli
kalean), berriz, lurperatu egingo da, eta atari berri bat zein igogailua
duten nasak eta sarbideak egingo dira bertan. Artasamina aldean ere
estali egingo da trenbidea; ondorioz, trenbide-lubakia kenduko da, eta
auzo horretan bizi diren pertsonentzat beste gune publiko bat sortuko
da. Matiko eta Alde Zaharreko geltokien arteko bidaia-denbora 3,30
minutukoa da, gutxi gorabehera.
Trenbide-eragiketa horren zentro
neuralgiko bat Alde Zaharreko geltoki berria izango da; 2014an esleitzea
aurreikusita dago, eta geltoki intermodal gisa funtzionatuko du,
metroko 1. eta 2. lineekin lotzea ahalbidetuta, baita tranbiarekin eta
Euskotreneko Txorierriko linearekin ere.
Alde zaharreko geltokia eraikitzeak
oraingoa eraistea ekarriko du. Proiektatutako geltoki berriak
oraingoaren eskema funtzional bera izango du.
Hirugarren lineak, batik bat, Bilbo
iparraldeko auzoei emango die zerbitzua baina, horretaz gain, Bermeo,
Durango edo Eibarretik datozen pertsonak hiriburuko erdialdera iristea
ere ahalbidetuko du, bai eta Txorierrik, jada eraikitzen ari diren
Artxandako tunel berriaren bidez, metro-sarearen gainerakoarekin beste
trenbide-lotura bat edukitzea ere.
Era horretan, nabarmen hobera egingo du
Txorierri, Durangaldea eta Urdaibai eskualdeetako zerbitzuaren
funtzionalitateak Bilbo Metropolitarrari dagokionez, zerbitzu
publikoaren eskaintza modu erakargarri eta eraginkorrago batez
integratuko baitu.
Hitzarmen berriaren
sinadura-ekitaldiaren ostean, ahaldun nagusi José Luis Bilbaok zera
ziurtatu du: «Azpiegitura berri horren atzean giza ahalegin eta ahalegin
tekniko eta ekonomiko izugarria dago, eta argi eta garbi erakusten du
Bizkaiak konpromiso sendoa duela Bilboren eta Etxebarriren orainarekin
eta etorkizunarekin, metroa igarotzen den udalerri guztiekin izan duena
bezalakoxea». José Luis Bilbaok azpimarratu duenez, «gaurko ekitaldia
erakundeen konpromisoari eta herritarrekiko eta udalerriekiko
konpromisoari esker egin ahal izan dugu».
Ana Oregik sailburuak adierazi duenez,
«Durangalde, Urdaibai eta Txorierriko garraio publikoaren eskaintza
optimizatzea ahalbidetzen du trenbide-irtenbide horrek, Bilbo
Metropolitarrarekiko trenbide-komunikazioak hobetuta; Txorierri
EuskoTrenen sarearekin lotzea, eta, azkenik, komunikazioak bultzatzea
eta hobetzea, bai Bilbo Handiarekin, bai aurretik aipatutako eskualdeen
artean. Hau da, Durango edo Otxarkoagatik Zamudioraino trenez aldatu
gabe bidaiatzeko aukera izango da».
Lanak
Oro har, BTMko
3. lineako lanak normaltasunez garatu dira, etorkizunean Txurdinagako
geltokia egongo den tartean izan ezik, haren hondeaketa aldatu behar
izan baitzen lantaldeek eremu karstiko bat topatu zutelako. Geltokian
bertan eta hara iristeko tuneleko tarteetan eragiten du eremu horrek.
Hartutako irtenbide teknikoa onartu ondoren, hondeaketari berrekin diote
aurtengo udan. Gainerako zatiak, tunelak zein leizeak, amaiturik daude
jada, baita haien estaldurak ere.
Ana Oregik bereziki azpimarratu du
«Eusko Jaurlaritzak garraio-azpiegitura izugarri honen diseinuarekin eta
gauzatzearekin» duen konpromisoa, eta honakoa erantsi du: «Lineak onura
zuzena ekarriko die Bilbo iparraldeko auzoetako 82.000 emakumeri eta
gizoni baino gehiagori, eta bermeotarrei, durangarrei eta eibartarrei
hiriburura iristeko aukera eskainiko die, Txorierri,
eraikuntza-prozesuan den Artxandako tunel berriaren bitartez, metroaren
gainerako sarearekin lotuko duen trenbide-lotura berri bati esker».
Sailburuaren ustez «egun Bilboko metroak
urtean eskaintzen dituen 90 milioi bidaiak biderkatu egingo dira laster
zerbitzuan ikusiko dugun linea berriari esker. Era horretan, hobera
egingo du Txorierri, Durangaldea eta Urdaibai eskualdeetako zerbitzuaren
funtzionalitateak Bilbo Metropolitarrari dagokionez, zerbitzu
publikoaren eskaintza modu erakargarri eta eraginkorrago batez
integratuko baitu».
Kalitatea
Ana
Oregik gogorarazi duenez, «3. lineari esker hobetu egingo da, halaber,
gure auzoetako eta udalerrietako bizi-kalitatea eta ingurua, autoak
denbora luzeagoz egongo baitira geldirik Txurdinagatik erdialdera minutu
gutxian iristeko aukera dugunean. Metroa garraiobide jasangarri
nagusietako bat da».
Euskadiko garraioaren arloko arduradun
nagusien hitzetan «"Hiriko trenbide"aren -erabilitako azpiegitura,
maiztasunak, estazioen arteko distantzia, eta abar- definizio klasiko
baten arabera, metroa duten 180 hiri daude eta, guztira, 7.000 kilometro
inguru linea. Sarerik handienak New Yorkekoa, Shangaikoa, Beijingoa eta
Kantongoa dira, eta azken horiek etengabe jarraitzen dute hazten.
Pixkanaka, Bilbo zerrenda horretan sartzeko bidean da».
«Bilbok eta bere inguruneak, eta haiekin
Bizkaia osoak, garapenerako aukera gehiago izango dituzte». Laurogeiko
hamarkadatik, ezinbestekoa izan da jarraitu beharreko noranzkoa goizero
aurreikustea eta argi eta garbi zehaztea, hartara, Euskadin biztanle
gehien dituen lurraldeko giza garapenean eta garapen ekonomikoan ematen
ari garen urratsak hari egokitzeko», aipatu du Oregik.
Amaitzeko, honakoa erantsi du
sailburuak: «Zorionez, hemengoa kontzertazio eta erakundeek ondo
planifikaturiko lanaren adibide garbia da». Udalek, Foru Aldundiak eta
Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa dugu gure pertsonekin eta
herritarrekin, eta mota guztietako ezbeharrak gainditzen ari gara,
Bizkaia eta, harekin batera, Euskadi osoa punta-puntako lurralde
bilakatzen eta harentzat etorkizun oparoa eraikitzen».
Albistearen iturria: Euskadi.net